es | eu

2008. "Restauración de Monumentos. Institución Príncipe de Viana, 1940-1955" erakusketa

2008.

Izenburua: “Restauración de monumentos. Institución Príncipe de Viana 1940-1955”.

Datak: 2008ko ekainaren 12tik azaroaren 16ra.

Komisariotza: Mª Rosario Lazcano Martínez de Morentin.

Bisitariak: 3.531 bisita.

Edukia: Erakusketak Vianako Printzea Erakundearen lehenengo hamabost urteetan, 1940 eta 1955 artean, desagertu ez zitezen zaharberritu ziren Nafarroako 24 monumenturen argazkiak jasotzen ditu. Haietako batzuk, Leireko monasterioa, Olibakoa, Irantzukoa edo Iratxekoa kasu, monasterioak dira, eraikin konplexuak eta asko bisitatzen direnak, non Nafarroako Gobernuak urtero diru mordoa inbertitzen jarraitzen duen. Erakusketa honek asmo bikoitza du: batetik, Vianako Printzea Erakundearen funts fotografikoa jakitera ematea, eta, bestetik, Vianako Printzea Erakundearen jaiotzan eta hazkundean parte hartu zuten guztiei omenaldi bat egitea, egin zuten lanak Zaharberritzearen Sari Nazionalaren bidez aitortu baitzen bi aldiz.

1940an Nazioaren Gobernuak ondarea defendatu, kontserbatu eta zaharberritzeko konpetentziak laga zituen. Orduan, Vianako Printzea Erakundeak Ondare Artistikoaren eta Zaharberritzearen Zerbitzua abian jarri zuen, zeina José Yárnozek zuzendu zuen 1966 arte. Erakundea Historiaren eta Arte Ederren Errege Akademietako akademiko osoez, akademiko urgazlez eta ohorezko akademikoz osatua zegoen. Erakusketa honek hartzen duen tartean, Erakundearen presidenteak izan ziren Tomás Domínguez de Arévalo (1940-1948), José María Arellano Igea (1949-1952) eta Félix Huarte Goñi (1952-1964). Erabakigarria izan zen, halaber, idazkarien eginkizuna, José María Lacarra y de Miguel 1940 eta 1944 artean, eta José Esteban Uranga Galdiano 1944 eta 1973 artean. Hori izan zen azken idazkaria eta lehenengo zuzendaria, baita Indusketa Arkeologikoen komisario probintziala eta Arte Ederretako delegatua ere. 1946an erakundeak San Fernando Errege Akademiaren Ohorezko Domina eskuratu zuen Arte Ederren alde egindako lanarengatik.

Vianako Printzea Erakundea Nafarroako Monumentu Historiko eta Artistikoen Batzordearen oinordekoa da, zeina, gainerako Monumentuen Batzordeen moduan, 1844an sortu zen Isabel II.aren erreginaldian Frantziako Batzordeak imitatuz. Halaber, Monumentuen Batzordearen oinordekoa da argazkilaritza lan-tresna gisa erabiltzeari dagokionean, eta hori gakoa izan zen haren xedeak betetze aldera. Teknika horri esker era sistematikoan dokumentatzen dira aurretiko egoera, esku-hartzearen fase ezberdinak eta gauzatutako jarduketa bakoitzaren behin betiko emaitza.

2008.