es | eu

2017. "Alberto Oficialdeguiren argazkiak" mikroerakusketa

2017.

Izenburua: “Alberto Oficialdegui Núñezen argazkiak (1872-1941)”.

Datak: 2017ko ekaina-iraila.

Edukia: Alberto Oficialdegui Núñez apaiz nafar bat izan zen, 1872an Artaxoan jaiotakoa. Juan Basilio Oficialdegui Ganuza eta Paula Fermina Núñez Ganuzaren semea zen, eta hamalau anai-arrebako familia handi batean garatu zen bere haurtzaroa. Garai hartan ohikoa zen moduan, bere bizitza Elizara eskaini zuen, eta apaiz-ordenak jaso zituen. Bere bizitza eklesiastikoa Nafarroako hainbat parrokiatan garatu zen. 1897 eta 1900 artean Ostitzeko parrokiako ekonomoa izan zen, 1900 eta 1901 artean Arzotz eta Biguriakoetakoa, eta 1920tik 1941ean zendu zen arte Iberokoa.

Argazkilaritzaren zale amorratua, irudi mordoa egin zituen eta Nafarroako Errege Artxibo Nagusian horietako 109 beirazko plaka kontserbatu dira guztira. Mende hasierako beste argazkilari afizionatu askorekin gertatzen den bezala, ez dakigu nola hurbildu zen argazkilaritzara. Gelatinobromurozko plaka lehorrak agertzea eta industria fotografiko garrantzitsu bat sortzea izan zen argazkilaritzaren zaleak haien argazki propioak egitera bultzatu zituen aitzakia. Are gehiago, XX. mendearen lehenengo herenaren Nafarroak argazkilari profesionalen multzo bat zuen, baita maiz askotariko entitate eta elkarte kulturalekin batera lan egiten zuten argazkilari afizionatu hasiberrien talde bat ere.

2015ean, Manuel Oficialdegui Recartel, Alberto Oficialdeguiren odoleko ilobak, bere osabaren sorta fotografiko berezia, beirazko 99 plakaz osatua, dohaintzan eman zion Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari (AGN), behar bezala kontserbatu eta jakitera ematen zela ziurtatzeko. Horri Juan José Ojer Amatriain ikertzaileak pixka bat lehenago laga zituen beste hamar argazki gehitu zitzaizkion. Kontserbatzen diren haren argazki gehienak negatiboan egindako beirazko plakak dira, batzuk positiboak, 10 x 15 formatukoak eta gelatinobromuro-emultsiozkoak. Dohaintza horrek dagoeneko aberatsa zen eta AGNek zaindu eta herritarren artean jakitera ematen duen funts eta argazki-bilduma panoramaren balioa areagotu zuen. Bi urte geroago, erakundeak, dohaintzan emandako sorta dokumentala zaintzearen arduradun gisa, mikroerakusketa bat eskaini nahi izan dio Alberto Oficialdeguiren begirada fotografikoari. Hartara, haren irudi batzuk hautatu ditu, guztiak argitaratu gabeak eta orain arte jendarteratu gabeak.

Alberto Oficialdeguiren argazkiak bere bizitza-ibilbidearen eszena eta gertakari ezberdinak zein bere ingururik hurbilena dokumentatzeko sortu ziren. Bizipen horiek agertze aldera eta, aldi berean, XX. mendeko lehenengo herenaren Nafarroako album fotografiko autentiko eta berezi gisa duten balioa nabarmentzeko, mikroerakusketan Alberto Oficialdeguiren ekoizpen fotografikoa ezaugarritzen duten esparruak agertu nahi izan dira: bere adiskide nekaezinekin batera bizitzan zehar ezagutu zituen Nafarroako geografiako tokiak, garraiobide tradizionalen eta makinaria berriaren arteko kontrastea, begirada ia etnografikoa sorterri zuen Artaxoaren jai-girora edo landa-eremuetako eskolen esparruan irakaskuntzari egokitutako funtzio garrantzitsua.

Horrekin batera, Alberto Oficialdeguik zaletasun berezia agertu zuen erretratuaren generoarekiko eta bere kamerarekin bere esparru partikularra osatzen zuten gizaki-mota ezberdinen esentzia islatzen jakin izan zuen: jostunak, maistrak, musikariak, senideak eta auzokideak eguneroko bizitzaren jarrerarik ezberdinenetan. Sorta osoak errealismo handiz agertzen ditu gaur urruna eta ezezaguna zaigun Nafarroa baten irudi argitaragabeak.