Argazkilaritza XIX. mendearen lehenengo erdian sortu zenetik, Nafarroako hainbat erakunde, entitate eta argazkilarik haien inguruari buruzko ikuspegi partikularra eman zuten teknika berritzaile honen bidez, inguratzen zituen errealitatearen, gertakari edo eszena baten, une jakin baten irudi finkoak zuzenean hartzea ahalbidetzen zuena.
Dokumentu fotografiko hauek gure iraganaren lekuko ordezkaezinak dira. Irudien berezitasunagatik balioetsi dira bereziki baina, horrez gain, argazkilarien eskuetatik irtendako errealizazio bakar eta paregabeak dira. Halaber, desagertutako jarduera tekniko, industrial eta ekonomiko baten isla dira, maiz argazkiekin batera, material teknikoa eta bestelako testuzko dokumentuak utzi dizkiguna. Horrek guztiak gure ondare fotografikoa osatzen du, gure ondare kultural eta dokumentalaren zati bat, XIX. eta XX. mendeak ulertzeko funtsezkoa dena.
Testigantza fotografiko horiek kontserbatzea posible izan da hamarkadetan zehar kontu handiz zaindu direlako, lehenengo, haien sortzaileek, eta geroago, haien oinordeko eta zaintza-entitateek.
Nafarroako Errege Artxibo Nagusia nafar ondare fotografikoaren zaintzako katearen azken katebegia da eta hain delikatuak diren pieza hauek, meritu handiz, kontserbatu dituztenen lekukoa hartzen du. Instalazio modernoek eta argazkilaritzan, zaharberritzean eta digitalizazioan espezialista den ekipo tekniko batek ale guztiak betirako kontserbatzen direla bermatzen dute, kasuan kasuko funtsean taldekatuta eta sortzailearen izenari lotuta. Zerbitzu publikoa den aldetik, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak ondare fotografikoa behar bezala kontserbatu eta kudeatzeko aholkularitza teknikoa ere eskaintzen die herritarrei.
Nafarroako Fototeka programa ezagutzeko interesa duen jabe orok Nafarroako Errege Artxibo Nagusiarekin harremanetan jar daiteke fototeca@navarra.es helbide elektronikoaren bidez.