Izenburua: “José Velascoren argazkiak (1897-1974)”.
Datak: 2018ko uztaila-abuztua.
Edukia: José Velasco Hernández 1897an Lerínen jaio zen maisua izan zen. Askotariko zaletasunak landu zituen, haien artean, argazkilaritza, musika –organo-jotzailea zen– erlojugintza eta praktikante gisa ere lan egin zuen. Lehen Hezkuntzako maisu-titulua eskuratu eta gero, Garraldara joan zen eta, bertan, 1921eko martxoaren 16an, Antonio Aróstegui jaunaren Fundazioaren patronatuko eskolako maisu izendatu zuten. 1922ko urtarrilean Oteitzako eskolara aldatu zen, baina jakin badakigu, halaber, Lerín eta Eritzeko eskoletan ere aritu zela. 1922ko maiatzaren 15eko Errege-Agindu bidez Garraldako patronatuko eskolarako izendatua izan zedin onartu zen. Azkenik, 1935eko abenduaren 17an Garraldako irakasle-jabe izendapena eskuratu zuen itzulitako irakasle gisa, bertako udalak proposatuta. 1922ko uztailaren 19an Garraldako María Iriarterekin ezkondu zen, Iruñeko San Zernin parrokiako Bideko Ama Birjinaren kaperatxoan. Senar-emazteek bi seme izan zituzten, Jesús María, 1928ko apirilaren 27an jaioa, eta José Luis, 1930eko maiatzaren 1ean jaioa. José Velasco Iruñean zendu zen 1974ko abenduaren 4an.
Argazkilaritzaren zale amorratua izanik, irudi mordoa egin zituen. Haietatik guztira 104 argazki kontserbatu dira Nafarroako Errege Artxibo Nagusian eta, bertan, funts fotografiko bat osatzen dute. Artefaktuetatik 89 beirazko plakak dira eta 15 plastikozko euskarri gainean egindako negatiboak. José Velascok argazkilaritzarekin izan zuen harremanak gelatinobromurozko plaka lehorren arrakasta handieneko unearen eta argazkilaritzaren erabilera orokortua behin betikotzearekin lotzen diren plastikozko euskarri berriak indarrez sartu ziren momentuaren arteko trantsizio-unea islatzen du.
2013an, Jesús María Velasco Iriartek, bere seme Koldo Velascorekin batera, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiari (AGN) dohaintzan eman zion bere aita José Velascoren sorta fotografiko berezia, behar bezala kontserbatuko zela eta jakitera emango zela ziurtatze aldera. Kontserbatutako argazki gehienak negatiboan egindako beirazko plakak dira, gehientsuenak 10x15 formatukoak eta batzuk 6x9 edo 9x12koak, baita gelatinobromuro-emultsioak ere. José Velascorena Nafarroako Fototeka proiektua abian jarri zenean egin zen argazkien lehenengo dohaintzetako bat izan zen. Gaur egun, proiektua errotua dago eta Nafarroako ondare fotografikoa berreskuratu eta jakitera ematen dihardu. Bost urte geroago, erakundeak, dohaintzan emandako dokumentu-sorta guztia zaintzearen arduradun den aldetik, mikroerakusketa bat eskaini nahi izan dio José Velascoren begirada fotografikoari. Hartara, haren irudi batzuk hautatu ditu, guztiak argitaratu gabeak eta orain arte jendarteratu gabeak.
José Velascok gutxi gorabehera 1921 eta 1940 artean ateratako irudiek bere mundu hurbilena islatzen dute, abegi egin zion herriarena, Garraldarena, eta maite zituen pertsonena, senide eta lagunena. Bere argazkiak dohaintzan eman ziren arte guztiz ezezaguna zen argazkilari afizionatu izanik, José Velascok Garraldan izan zuen bizitza berriaren joanak maisu, herritar, senar eta aita gisa izan zituen bizipenen dokumentazio grafikoarekin lagundu zituen. Irudi gehienak gai familiar eta kostunbristako erretratuak dira eta, besteak beste, islatzen dituzte berak fundatu zuen herriko musika-banaren jarduerak, ikasleen promozio ezberdinak, herriko familiak eta bertako pertsonaia ospetsuak, haien artean, Garraldako indiano eta mezenas Antonio Aróstegui, bere suhi José Manuel Zubizarreta edo Jesús Basiano margolaria; azken honekin batera erretratatua agertzen da erakusketaren parte den irudietako batean.