Izenburua: “Pedro Cigaeren argazkiak (1867-1949)”.
Datak: 2024ko uztaila-abuztua.
Edukia:
Pedro Ciga Mayo (Iruñea, 1867ko maiatzaren 13a - Iruñea, 1949ko abenduaren 26a) legelari eta argazkilari afizionatua izan zen. Joaquín Ciga Sarasa lanztarraren eta Nicolasa Mayo Etuláin eugiarraren semea izan zen. Bartzelonako Unibertsitatean doktoratu izandako hau Dorotea Fernández Moralesekin ezkondu zen 1890. urtean eta, 1900. urtean, Bertizko jaurerria eskuratu zuten elkarrekin. Historiaz, geografiaz, zientziez eta astronomiaz zaleturik, kultura- eta natura-ondare aberats baten oinarria garatu zuten Bertizen, non senide, lagun eta pertsona ezagunen bisitak jaso zituzten, hala nola Alfontso XII.aren arreba izandako Eulalia infantarena. Bidaia ugari egin zituzten munduan zehar, eta Madrilen, Donostian edota Iruñeko Gaztelu plazan zuten etxean ere denboraldiak eman zituzten. Pedro Ciga Iberiar Federazioan integratuta zegoen Gipuzkoako Animaliak eta Landareak Babesteko Elkarteko kidea izan zen. Bere testamentuan Nafarroako Foru Aldundi Probintzialaren esku utzi zuen Bertizko jaurerria eta jauregia, aldiz, Iruñeko Gotzaindegiaren esku, usufruktu gisa.
Argazki-funtsa 1.294 argazkik osatzen dute; horietatik, 434 beirazko plaka positiboak eta 860 negatiboak dira; horietako bi euskarri plastikozkoak dira, gehienak estereoskopiak, 8,5 x 17 cm-koak eta 8 x 16 cm-koak, beste formatu batzuen artean. Bertizko jaurerrian, Aizkolegiko jauregian eta egoitzan, eta Iruñea, Bertizarana, Izaba edo Urzainki inguruko familia giroko eszenak biltzen dituzte argazkiek, senide eta lagunen talde erretratuekin batera. Baionara, Donostiara, Bartzelonara, Madrilera, El Escorialera, Londresera, Parisera edo Berlinera egindako bidaiak ere dokumentatzen dira, gai oso pertsonalekin, azoka teknologikoetara egindako bisitekin edo animalia exotikoen irudiekin.
Pedro Ciga hil zela 75 urte betetzen direnean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak haren argazki sorta bat erakutsiko du udako mikroerakusketan. Argazki horiek Mª Carmen Mateok 2019an eta Fernando Hualde Gallegok 2023an egindako dohaintzei esker gordetzen dira.