es | eu

Kulturak Nafarroako fototeka. Historiarako irudiak’ erakusketaren katalogoa argitaratu du

2020/01/22
Kulturak Nafarroako fototeka. Historiarako irudiak’ erakusketaren katalogoa argitaratu du

Argitalpenak 137 irudi bildu ditu, haietako batzuk duela 150 urte hartutakoak.

Kulturarako Zuzendaritza Nagusia – Vianako Printzea Erakundeak Nafarroako Fototeka. Historiarako irudiak erakusketaren katalogoa argitaratu du, Fernando Cañada Palacio eta Roberto Ciganda Elizondo egileek ondua. Erakusketaren bidez, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak bere artxibo-programetako bat aurkeztu zuen, hots, Nafarroako Fototeka, bere argazki-ondarean dauden irudi aukeratuen bidez. Ondare hori 1860tik 1960ra bitartekoa da.

Funts instituzionalak

Katalogoan badira 137 argazki-artefakturen erreprodukzioak. Haietako batzuk duela 150 urtekoak. Irudiak Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak antolatutako erakusketan jarri ziren ikusgai. Guztiak ere azken urteotan berreskuratu den ondarearen lekukotasun bikainak dira, egun desagertuak diren morfologia eta prozedura sorta zabalaren ordezkariak, 1960ra bitartekoak.

Katalogoan, lehenik, Nafarroako Foru eta Probintzia Diputazioaren funtsa ageri da, teknika berri hura erabili zuen lehen erakundea izan baitzen; funts horretan, argazkirik zaharrenak daude, 1860ko hamarkadan hartutakoak. Diputazioak are argazki-erreportaje gehiago erabili zituen XX. mendean protokolorako. Administrazio-organismo batzuek, gainera, lan-tresnatzat baliatu zuten argazkia beren prozesu teknikoak dokumentatzeko; haien artean, Bide Zuzendaritzak.

Bestalde, ondarea babesteaz arduratu zen Nafarroako Monumentu Historikoen eta Artistikoen Batzordearen funtsean argazki paregabeak daude Nafarroako ondareaz, bai eta XIX. mendearen bukaeratik XX.aren hasierara bitarteko kultur jardueraz ere. Lekukotasun bikainak jasoak daude, horien artean hiru erakusketa hauei buruzko erreportajeak: Atzera Begirako Artearen erakusketa (1920), Jantzi Erregionalaren erakusketa, 1925ekoa, eta Nafarroako Mendialdeko baserrien erakusketa, 1912koa.

Funts pertsonalak eta familiakoak

Katalogoan, halaber, bilduak daude argazkilari profesional eta afizionatu batzuen lanak, haien funtsak Nafarroako Errege Artxibo Nagusian gordeak baitaude. Profesionalen artean, Diego Quiroga y Losadaren argazkiak daude, hau da, Santa María del Villarreko markesaren lanak, argazki turistikoan jarduteagatik ezaguna. Eta Foto Galle estudioko argazkiak; hura Nafarroako argazki-kazetaritzaren establezimendu nagusia izan zen, eta José Galleren eta haren seme Fernandoren jarduera profesionala jasoa dauka.

Profesionalez gain, argazkilari afizionatu edo amateurren lanak ere jasoak daude katalogoan. Argitalpenean ederki ikusten da zer nolako ahalegina egiten duen Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak horrelako funtsak berreskuratzeko.

Argazkilari amateurren zerrendan, Julio Altadill da lehena, aitzindaria izan baitzen. Guztiek ere begirada berezia pausatzen dute arlo pertsonalago eta intimoagoetan.

Gero, beste argazkilari afizionatu batzuen lanak datoz, ondo-ondoko etapan aritutakoak, hala nola Alberto Oficialdegui, Carlos Amat, José Martínez, José Belzunce eta José Velasco. Guztiek ere garai hartako berrikuntza teknologikoek liluratuta jardun zuten, argazkigintzak bestelako baliabideak eskaini baitzien beren inguruko mundua irudikatzeko.

Haiek guztiak 50etik gora argazki-funtsen ordezkari dira. Nafarroako Errege Artxibo Nagusia hainbat tratamendu-lan egiten ari da funts haietan, argazkiak herritarren eskura jartzeko asmoz.

Katalogoa non salgai

Katalogoa 15 euroan dago salgai Nafarroako Gobernuaren Argitalpen Funtsean, Iruñeko Navas de Tolosa kalean, eta era berean, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egoitzan berean, Maiatzaren Bia karrikan.

Zerrendara itzuli