es | eu

Nafarroako artxiboak inoiz baino erabiltzaile gehiago erregistratu ditu 2018an

2019/02/14
Nafarroako artxiboak inoiz baino erabiltzaile gehiago erregistratu ditu 2018an

25.000 bisita eta 7.000 saio presentzial, daturik aipagarrienen artean

Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak 24.823 bisita erregistratu zituen 2018an. Orain arteko zifrarik altuena izan da, honelako estatistikak egiten direnetik. Datu horien artean dokumentuen kontsulten areagotzea bereziki aipagarria da. Kultur hornidura horri esker, herrialdeko erreferentziazko artxibo historikoetako bat da.

Gainera, aipatu behar da, ibilbide osoan lehen aldiz, pasadan urtean 7.000 saio presentzial baino gehiago egin zirela zentroan, dokumentazioa kontsultatzeko, haren kontsulta-gelan nahiz liburutegiko irakurketa-gelan. Goranzko joera izan da, 2004an Iruñeko Errege Jauregiaren egoitza birmoldatuak instalazioak berriro ireki zirenetik.

Laneko saioetan, hiritarrek  22.657 artxibo-ale kontsultatu zituzten, eremu horretan marka berria lortuz. Gehien kontsultatutako dokumentu-funtsei dagokionez, aipagarriak dira 8.725 prozesu judizialen kontsultak, Errege Kontseiluaren eta Gorte Nagusiarenak, alegia, Nafarroako Erresumaren auzitegi pribatiboenak, Aro Modernoan zehar. Atzetik, XV. mendearen eta 1917. urtearen arteko notario-protokoloei buruzko 8.660 kontsultak datoz. Prozesu judizialekin batera kontsultatuenak dira, historia lokala eta familiarra aztertzeko dokumentu-iturri nagusiak direlako.

Dokumentu digitalizatuen kontsulta presentzialei dagokionez, 2018an ere igoera nabarmena erregistratu zen, 13.030 irudiren bistaratzearekin. Aipagarriak dira Nafarroako Kontuen Ganbararen Erdi Aroko dokumentuei buruzko 5.526 kontsultak. Eta aipagarria da ere Nafarroako Fototekaren argazki historiko digitalizatuen kontsulten areagotzea.

Erakusketak

2018an, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiak behin-behineko bi erakusketa antolatu zituen. Lehenengoa “Pablo Sarasate y Alberto Huarte. Testimonios de una amistad” izenekoa, Huarte familiak dohaintzan emandako dokumentazioari buruzkoa, eta, bigarrena, “La Baja Navarra. Un territorio singular”. Horiekin batera bederatzi mikroerakusketa egin ziren, Nafarroako historiaren une gogoangarri ezberdinen inguruan, horien artean Gamazadari, Isidoro Fagoagari, Nafarroako futbolari edo José Velascoren argazkiei eskainitakoak. Erakusketa horiek 15.877 pertsona erakarri zituzten.

Erakusketa-programazioarekin batera hitzaldi-zikloak, bisita gidatuak eta tailer praktikoak dokumentazioarekin egin ziren. Haietara 1.903 pertsona bertaratu ziren. Ekintza guztien artean aipagarria da Octubre Archimusical zikloa, zeinetan hainbat adituk Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren zaintzapeko musika-funtsen aspektu ezberdinei buruz hitz egin zuten. Zikloari amaiera emanez, Nafarroako konpositoreen musika-errepertorioaren ahots eta pianorako kontzertua eskaini zen.

Jasotako funts berriak

2018a ere oparoa izan zen artxibo partikularrak mantentzeko eta hedatzeko helburuarekin norbanakoek egindako dohaintzei dagokienez.

Aipagarria da Uitziko “Iraizoz Astiz” familiaren dohaintza, haren liburutegi, artxibo eta fototekaren bolumenagatik, eta baita Huarte familiaren musika-dokumentazio eta –bilduma ere, Iruñean Huarte Ikastetxeari esker oso ezaguna dena. Izan ere, hamarkadatan zehar milaka iruindarren prestakuntza intelektuala eta kultur aberastasuna bultzatu zituen. Azken dohaintza hori Musikaren eta Arte Eszenikoen Artxiboaren programan dago sartuta, Isidoro Fagoagaren, XX. mendearen lehen erdiko Nafarroako tenore garrantzitsuenetako baten, dokumentazioarekin batera.

Bestalde, Nafarroako Fototeka programan Carlos Amat oftalmologoaren argazkiak sartu ziren. Manuel Ortuño eta Maite Pascual bezalako ikerketa-liburutegiek egindako dohaintzak ere aipatu behar dira.

Guztira 30 artxibo, bilduma, argazki eta liburutegi partikular sartu eta eman dira dohaintzan, eta, orain, Nafarroako Errege Artxibo Nagusiaren egiteko nagusia Nafarroako dokumentu-ondarea zaintzea eta haien dibulgazio historikoa zuzentzea izango da.

Kontsulta gehiago webean

Nafarroako Gobernuak web-baliabide bat dauka www.archivoabierto.navarra.es zeinetan milaka dokumentu digitalizatu jaitsi eta ikus daitezkeen, doan. Hots, Nafarroako Erresumaren XVI. eta XVII. mendeetako justizia-auzitegien prozesu judizialei buruzko deskribapen-fitxak, dokumentazio kartografiko historikoa, XIV. mendeko Juan Renaren dokumentazioa, Gerra Zibilean parte hartu zuten Nafarroako soldaduen fitxak eta Gerra Zibileko eta gerraosteko erantzukizun politikoen epaiak.

2018an zehar web-bilatzaile horretan kontsulta ugari egin ziren, eta 321.495 orrialde bistaratu ziren. Beraz, esan dezakegu Nafarroako ikerketa historikorako lehenengo online baliabidea dela Artxibo Irekia.

Nafarroako Errege Artxibo Nagusia librea eta doakoa da, eta dokumentazioaren kontsulta- eta erreprografia-zerbitzuak eskaintzen ditu,  astelehenetik ostiralera, 8:30etatik 14:30etara, eta asteazkenetan 8:30etatik 18:00etara. Horrez gain, beheko solairuko galerian nahiz gela protogotikoan maiz dokumentazioei buruzko erakusketak egiten dira, eta zabalik daude, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Artxiboak aldizka partikularren artxiboak jasotzen ditu, horiek gordetzeko.

Dokumentuak dohaintzan emateko interesa baduzu, teknikariekin hitz egin dezakezu  848 42 46 20 telefono-zenbakira deituta.

Zerrendara itzuli