es | eu

Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak II. Mundu Gerraren amaiera ekarriko du gogora maiatzean

2020/05/13
Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak II. Mundu Gerraren amaiera ekarriko du gogora maiatzean

III. Reich-aren errenditzearen 75. urteurrena dela-eta mikroerakusketa birtuala antolatu du

II. Mundu Gerraren amaieraren 75. urteurrena betetzen denean,  gizateriaren historiako gerra-gatazkarik handiena, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak maiatzeko mikroerakusketa birtuala prestatu du gerra-konflagrazio hari buruzko zenbait dokumentu erakusteko. “II. Mundu Gerraren Amaieraren 75. urteurrena (1945)” mikroerakusketa formatu txikiko erakusketa birtuala da, Internet bidez kontsulta daitekeena irudiak deskargatuta.

Materialaren artean, Alemaniako Armadako ofizialen argazkiak aurkitzen dira, Luzaiden, Ibañetan eta Orreagan ateratakoak 1940. urtean edota Dibisio Urdineko kideen irudiak Iruñean, 1942. urtean.

Nafarroa II. Mundu Gerraren testuinguruan

Nahiz eta Espainiak gerran parte ez hartu eta herrialde neutral edo ez gerra-egile bezalako jokaera izan, Nafarroak muga hispanofrantsesean duen kokapen geografikoa edota funts dokumental pertsonal batzuek duten aberastasun eta eduki berezia medio, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak gatazkari buruzko dokumentazio ezberdina kontserbatu du.

Gerraren lehen fasean zehar, Erroma-Berlin-Tokio Ardatza izenekoaren indarren eta haien kideen nagusitasuna gailendu zen. Hasierako garai horretan, Alemaniako tropak frantses armada garaitu eta Parisen sartu ziren, frantziar gobernua etsaitasunak eteteko akordio bat eskatzera behartuz. 1940ko ekainaren 22ko Armistizioa akordioa medio, Frantzia bi eremutan banatu zen: lehena (iparraldea eta kosta atlantikoa) okupazio militar alemaniarraren mende geratu zen, eta bigarrena (hegoaldea eta Mediterraneoko kosta) Vichi hirian kokatutako frantziar gobernuak administratu zuen.

Bi eremuen artean marraztutako demarkazio-lerroa muga hispanofrantsesean hasten zen Nafarroan, Arneguy parean. Hori dela-eta, Endarlatza eta Luzaide arteko Nafarroako mugako zatia alemaniarren okupazio-eremuaren barruan geratzean, germaniar soldaduek Luzaide edo Orreaga bezalako lekuak bisitatu zituzten.

Aldi berean, 1941eko udan, Alemaniak Sobietar Batasuna eraso zuen, eta, ondorioz, Franco Jeneralaren Gobernuak, Espainia gatazkatik kanpo mantendu arren, boluntarioen unitate baten errekrutamendua antolatu behar izan zuen Sobietar Batasunaren aurka borrokatzeko, alemaniarren banderapean, III Reich-en erregimen nazionalsozialistarekin komunismoaren aurkako kidetasun ideologikoa medio. Unitatea Alemaniako armadan sartu zen Wechmacht-eko Infanteriako 250. Dibisioa bezala, Espainiako Boluntarioen Dibisioa izena jarri zioten, eta Dibisio Urdina bezala ere ezagutu zen. Dibisioa 40.000 dibisionario edo borrokalari inguruk osatu zuten. Hain zuen ere, Nafarroako Errege Artxibo Orokorrak Iruñean, 1942. urtean, Nafarroako dibisionarioen lehen erreleboetako bati antolatutako omenaldiaren argazki ezberdinak ez ezik, Nafarroako hiriburuan, 1954an, urte horretan Sobietar Batasunetik Espainiara itzulitako eta preso egindako dibisionarioei egindako harreraren irudiak ere gordetzen ditu.

Gerraren amaiera

1942. urtearen amaiera aldera, Ardatzeko tropek porrot egin zuten aliatuen aurka Stalingrafoko eta El Alameineko guduetan, eta, orduan, gerraren ibilbidea erabat aldatu zen. Modu horretan, 1945. urtearen hasiera aldera, tropa aliatuek jada Alemanian bertan borrokatzen zuten, III. Reich erortzen zen bitartean.

Gatazkaren azken konpas horien erakusgarri dira Emilio Navasqües y Ruiz de Velascoren funts pertsonalean kontserbatutako zenbait dokumentu; diplomatiko espainiarra zen eta, garai hartan, Kanpo Gaietarako Ministerioko politika ekonomikoko zuzendari nagusia. Modu horretan, 1945eko maiatzaren 25eko dokumentu interesgarri bat dago; bertan, Espainiak Munichen zuen kontsulak Bavierako egoeraren berri ematen du: tropa aliatuen eta SS nazien arteko azken borroketan, kontsulatuaren eraikina kaltetu zuten, eta elikagairik ez izatean, Ministerioak sardina eta atun latak nahiz kafea ematea eskatzen zuen. Halaber, beste dokumentu batean, Vicente Trellesek, Espainiak Berlinen zuen Enbaxadako agregatu komertzialak, egun batzuk lehenago, 1945eko maiatzaren 12an, jakinarazten zuen gatazkak gertu zeudenez, Berlingo legazioko langile guztiek Suitzako Berna hiriburura erretiratu behar izan zutela.

1945eko maiatzaren 8an, berriz, Alemaniako goi agintari militarrek III Reichen errenditzea sinatu zieten Berlinen potentzia aliatuei, eta urte bereko irailean, Japoniaren kapitulazioa gertatu zen. Modu horretan, II. Mundu Gerra (1939-1945) amaitu zen, gizateriaren historiako gerra-gatazkarik handien moduan hartzen dena, bertan dozenaka milioi pertsona hil ziren. Mikroerakusketa 1945eko maiatzaren 8an Donostiako Kontxa Hondartzan egindako argazki batzuekin amaitzen da; egun horretan amaitu zen Europan gerra, eta, bertan, Heinkel 111 hegazkin bonbardatzaile baten argazkiak agertzen dira. Leon Degrelle SSko ofizial belgikarrak gidatutako hegazkinak larrialdiko lurreratzea egin zuen Gipuzkoako hiriburuko hondartzan, Oslotik Norvegiako indar alemaniarren kapitulaziotik ihesi hegan egin eta gero.

Zerrendara itzuli