es | eu

Azparren Orrio anaiak

Azparren Orrio anaiak

1920-1960

Azparren familia Atarrabiatik datorren larru-ontzaile familia da. Birraitona, Francisco Azparren Echeverría (1829-1895), Bizkarreta-Gerendiainen jaioa, XIX. mendean joan zen Atarrabiara bizitzera. Bere semea, Norberto Azparren Ospital (1867-1946), Anastasia Orriorekin ezkondu zena, Atarrabian larru-ontzailea eta herribilduko alkate izan zen. Semeetako bi, Ambrosio eta Victorio, argazkilari afizionatuak izan ziren. Ambrosio Azparren Orrio (Atarrabia, 1897 – 1971ko apirilaren 15a) apaiza izan zen. Bere ibilbidearen hasieran, benefizioduna izan zen Orreagako Kolegio-Elizan, baina bizitza gehiena Gasteizen eman zuen, bertan Erlijio irakasle izan baitzen emakumezkoen Eskola Normalean; bestalde, katedralaren ondoan zegoen Landatxo ospitalean tuberkulosi-gaixoak zaintzen zituen, eta San Migel parrokiara eta Egibide haurrentzako ospitaleko mojak konfesatzera joaten zen. Gutxienez 1928tik aurrera Gasteizko katedralean benefizioduna izan zen eta xantre bilakatu zen. Atarrabiara itzuli zen 1964an. Bere argazkilari-lanari buruz zera ezagutzen da: gutxienez kamera bat zuela, Gasteizen laborategi bat zuela beira eta azetatoak errebelatzeko eta, zinemazalea zenez, 9,5 mm-ko Pathé Baby kamera bat eta proiektore bat zituela, interesgarri zitzaionari buruzko film amateurrak egiten zituen eta; besteak beste, zezen korridei eta erlijiozko irudiei buruz. Jasota geratu zen La Avalancha aldizkarian argazkiren bat argitaratu zuela. Beste alde batetik, Victoriano Azparren Orrio (1907 – Iruña, 1976ko urriaren 22a) ezkongabea zen, koadernatzaile gisa lan egiten zuen eta Aramburu argitaletxean egiten zuen lan, Iruñeko Carlos III etorbidean. Argazkilaritza-zalea zen heinean, gorde diren irudi batzuen ustezko egilea da, seguruenik modernoenak eta Atarrabiari dagozkien gehienak.

Funtsa beira eta zelulosa-nitrato gainean egindako 430 argazkiz osatuta dago, baita beste hainbat objektuz ere: errebelazio-bonbillak, beirazko plakentzako txasisak, ireki gabeko beirazko plaka-paketeak, kontaktuentzako prentsa eta etxeko argazki-laborategi bateko beste material batzuk. Argazkietan Gasteizko ikasleak eta erlijiosoak ikus daitezke, baita Atarrabiako egoerak eta pertsonaiak edo Azparren Orrio familiako kideak ere.

 

Gaur egun tratamenduan.