1920-1930 inguru
Juan Echávarri Mendiluce (Olazti, 1884 - Madril, 1937) nafar industrialaria izan zen. Olaztiko zerrategi baten jabe izandako Victoriano Echávarriren semea zen (Artabia, 1843 – Olazti, 1909), zeinek herrialdeko tren-konpainia garrantzitsuenetako trabes- eta kirten-hornitzaile nagusi bihurtu zuen. 1909an hil ondoren, Juan Echávarri Mendilucek "Hijos de Victoriano Echávarri" zerrategiaren negozioa zuzendu zuen, Nafarroako industrialaririk nagusienetako bat bihurtu zen arte. Urbasa eta Aralar mendien aprobetxamendua enkante publikoan eskuratu zuen 1920an. Mª Luisa Osácar Echeniquerekin ezkonduta zegoen. 1915ean, Urbasa jauregia erosi zuen udako egoitza gisa egokitzeko, baina, handik denbora batera, eraikinaren zati bat hotel eta jatetxe gisa egokitu zuen, egongelarekin, logelekin eta frontoiarekin. 1920an Olaztiko kale nagusian familiaren etxea eraiki zuen estilo modernistan, gaur egun herriko Udalaren egoitza dena. Madrilen zegoen 1936ko estatu-kolpea gertatu zenean; ondoren, indar errepublikanoek atxilotu egin zuten, eta sei hilabete geroago espetxean hil zen. Alargunak eta seme-alabek zerrategiaren negozioarekin jarraitu zuten. Negozioa nabarmen handitu zen, eta hainbat lekutan instalazioak izan zituzten, hala nola Kantabrian, Gipuzkoan eta Zubirin.
Argazki-funtsa 9 x 14 cm eta 10 x 15 cm-ko neurketak dituzten gelatinobromuro bidezko beirazko 28 plakek eta 8 x 13 cm-ko argazki positibo batek osatzen dute. Familiako gaiei, zuraren negozioari, Olaztiko familiaren etxeari eta Urbasa jauregiari buruzko irudiak dituzte. Zenbait irudik zenbakitze eta deskribapen txiki bat dituzte grabatuta, eta horrek erakusten du gutxienez 13 postaleko tirada bat egiteko erabili zirela, baina ez dira guztien originalak gorde.
Tratamenduaren zain.