es | eu

Frankowski, Eugeniusz

Frankowski, Eugeniusz

1917

Eugeniusz Frankowski (Siedlce, 1884ko azaroaren 21a – Poznan, 1962ko otsailaren 8a) antropologo eta arkeologo poloniarra izan zen. Krakovian antropologia eta arkeologia ikasketak burutu zituen, Krakoviako Jagiellonian University erakundeko Antropologia katedran irakasle laguntzaile gisa plaza lortu zuen eta Poloniako mendien habitatean espezializatu zen. Suitza eta Marokora bidaiatu zuen. Lehen Mundu Gerran Espainiara joan zen bizitzera, eta Iberiar Penintsulan egindako eremu-lanetan sakontzeko aukera eman zion horrek. Madrilgo Zientzia Naturalen Museoarekin lan egin zuen, eta Paleontologia eta Historiaurreko Ikerketen Batzordearen kide zen. Espainiako iparraldean burutu zituen ikerketek zenbait argitalpen ahalbidetu zituzten; besteak beste, “Relato de exploraciones etnográficas verificadas durante el verano de 1917 en las Provincias Vascongadas y Navarra”. Nekazal-kokaguneen, hileta-errituen, garaien eta disko formako estelen azterketan espezializatu zen. 1920an argitaratu zuen “Estelas discoideas de la Península Ibérica” ikerketa garrantzitsua, Paleontologia eta Historiaurreko Ikerketen Batzordearen babespean. Bere lan aitzindariek José Miguel de Barandiaran edo Telesforo de Aranzadi bezalako antropologoak inspiratu zituen, eta oso lotura estuak mantendu zituen Eusko Ikaskuntzako zenbait kiderekin. 1921ean Poloniara itzuli zen, Krakoviako Unibertsitatean Arkeologia eta Antropologian doktoratu zen eta Varsoviako Museo Etnografikoan zuzendari izendatu zuten. Varsoviako Unibertsitatean katedra izan zuen 1945-1955 bitartean.

Funtsa 46 beirazko plaka estereoskopikoz osatuta dago; 44x116 mm neurrikoak dira eta Nafarroako Pirinioetan burututako landa-lanaren ondorio dira. Garazi, Luzaide, Orreaga, Auritz, Artzibar eta Aezkoa Ibarran atera ziren argazkiak 1917ko apirila eta abuztu bitartean, eta irudiek paisaia, ondare eta etnologia jasotzen dituzte, besteak beste, artzaintzaren eta ikaztegien bitartez. Beira estereoskopikoek eskuz idatzitako inskripzioak dituzte erdialdean, eta argazkiei, orduko baldintza atmosferikoei, obturazioari eta esposizio tarteari buruzkoak dira.

 

Kontsultatu funtsaren argazkiak ARTXIBO IREKIAn.