1900-1944 inguru
Laureano Landa y Hermoso de Mendoza (Deikaztelu, 1877-1944), bere izaera sustatzaileagatik eta profil polifazetikoagatik ezaguna izandakoa, nekazari eta argazkilari amateurra izan zen. Franco Landa Desojo deikazteluarraren eta Arellanoko Ezequiela Hermoso de Mendozaren seme bakarrak heziketa bikaina jaso zuen. 23 urterekin jada argazkiak egiten zituen. Estefanía Ágreda y Arguedasekin (Lizarra, 1877-1958) ezkondua, Esteban, Rodolfo, Mª Nieves, Mariano eta Mª Puyren gurasoak izan ziren. Laureano Landak negozio ezberdinak bultzatu zituen Lizarran eta Donostian, non azken hiri horretan, opariak, bateriak, baxerak eta mahai-tresnak saltzen zituzten “González, Castiella y Landa” eta “La Fidelidad. González, Castiella y Landa” izeneko saltokien jabekide izan zen. 1928 eta 1930 artean Deikazteluko zinegotzia eta Lizarrako alkatea izan zen. Heraldika eta genealogiari buruzko ikerketa ugari egin zituen eta hainbat elkarte kultural eta fotografikotako kide izan zen. Deikaztelun eta Arellanon Herri Liburutegi Zirkulatzailea bultzatu zuen, Gaueko Adoratzaile, Sakramentu Santuaren Kofrade eta Lizarrako Karmengo Kofradiaren Anaia izan zen.
Argazki-funtsa 3.557 argazkik eta postalek osatzen dute; horien artean, nabarmentzekoak dira 386 negatibo beirazko plakan, 879 negatibo zelulosa nitratoan eta 1.104 argazki positibo hainbat prozeduratan, gehienbat errebelatze kimikoko gelatinak, egindakoak. Kodak Baby Brownie argazki kamera bat ere badu. Laureano Landak Monumentuen Batzordearentzat bideratutako monumentuak eta artelanak argazkietan dokumentatzen eman zuen bere bizitzaren zati handi batean Nafarroako hainbat lekutan. Argazkiak argitaratu zituen zenbait aldizkaritan, hala nola La Avalancha-n, eta gai historikoei eta tokikoei buruzko liburuak argitaratzen lagundu zuen. Bere jaioterriko irudi ugari utzi zituen. Hainbat bidaia egin zituen Espainian eta Europan zehar, eta horietatik guztietatik negatibo ugari ekarri zituen, merkaturatutako posta-txartelez gain.
Tratamenduaren zain.