es | eu

Vergara, Lucio

Vergara, Lucio

1900-1930 inguru

Lucio Vergara Machicote (Arantza, 1892ko uztailaren 6a – Legazpi, 1978ko abuztuaren 4a) ebanista eta argazkilari amateurra izan zen. Donostiako Arte eta Lanbide Eskolan ikasi zuen eta Arantzan aitaren arotzeria-lantegian lanean aritu zen. Arantzako eskolako irakasle izandako Felicitas Oñativia urretxuarrarekin ezkondu zen 1920ko maiatzaren 27an. Senar-emazteak Legazpira joan ziren 1930eko martxoaren 7an. Han Felicitasek maistra lanetan jarraitu zuen eta senarrak, aldiz, Patricio Echeberría S.A. lantegian lan egin zuen erretiroa hartu arte. Jesus María (S.J.), María Josefa, Bernardo (S.J.), María Pilar eta Juana María izan ziren haien seme-alabak. Bere familia janari eta ehunak saltzen ziren denda baten arduraduna zen Arantzan. Denda goiko Karrikako 3. zenbakian dagoen Gartxinea etxeko etxabean zegoen. Agiri ofizialetan ageri denez, 1926an Lucio Vergara Arantza Udaleko zinegotzia zen eta 1937an Legazpiko udal epailea.

Argazki-funtsa gelatinobromurozko 1.061 beirazko plakek osatzen dute, gehienak 13x18 cm, 9x13 cm eta 6x9 cm-koak. Era askotako gaiak jorratzen dituzte: talde-argazkiak (familiak, ezkontzak, lagun taldeak), erretratuak (gizonak, emakumeak, bikoteak), jaunartzeen argazkiak eta herriko ekitaldiak (jaiak, prozesioak). Irudiek eszenaren konposizioaren lan zorrotza adierazten dute, eta hori, senideen arabera, asko zaintzen zuen. Bere argazkiek, batez ere mota guztietako ekitaldi familiar eta publikoak, gizalegezkoak zein erlijiosoak, XX. mendeko lehen hamarkadetako Arantzako bizitza islatzen dute eta hiribilduaren historia berreraikitzeko balio handiko testigantza grafikoa dira.

Funtsa Arantzako Gartxinea familiaren etxeko ganbaran hainbat hamarkadatan mantendu zen, hein handi batean haren iloba María Vergara Vergarari esker. María Gabriel Vergara -Luzioren anaia- eta Josefina Vergararen alaba zen. Haiek egileak utzi zuen bezala gorde zuten ondare hori, ganbaran eraikitako zurezko etxola txiki batean, etxeko laborategi gisa erabiltzen zuena. Beirazko argazki-plakak zituzten kaxak, kimikodun flaskoak eta argazkiak errebelatzeko beharrezkoak ziren beste zenbait tresna gorde ziren kubo horretan. 2016. urtean, Ángel Murua Iñurritegi argazkizale handiak eta haren emazte María Rosario Alústiza Vergarak, María Pilar Vergararen alabak eta Lucio Vergararen bilobak, María Vergararekin hitz egin ondoren, material hura guztia berreskuratzeko baimena jaso zuten. Legazpiko etxera eraman zuten, non garbitu, sailkatu eta eskaneatu ahal izan zuten.

 

Tratamenduaren zain.