1930-1970 inguru
Néstor Zubeldía Inda (Lizarra, 1877 - Iruña, 1963), anai-arrebetan zaharrena, apaiza eta Iruñeko katedraleko kalonjea, Teologiako irakaslea eta Iruñeko Seminarioko erretorea izan zen. II. Errepublikan Akademia Filosofiko-Apologetiko bat sortu zuen Iruñean, zeinak intelektualak heztea eta kristianismoaren prismapean aukera errepublikar bat eskaintzea zituen helburu. Gerra Zibila lehertu eta gero, Abaurregainan eta Mirafloreseko kartusian konfinatua egon zen. Bere ideiak zirela-eta epaiketa bati egin behar izan zion aurre Burgosen, eta aske atera zen isun bat ordainduta. Ondoren, Iruñera itzuli zen.
Anaietan bigarrena, Martín Zubeldía Inda (Lizarra 1880 - Iruña, 1974), erlijioso kaputxinoa izan zen eta Lizarrako Gurmesindo izenez ezagutzen zen. 1905 eta 1918 artean nobizioen irakaslea izan zen Zangozan, giza zientzien irakaslea Altsasun eta 1909 eta 1912 artean Hondarribiako nagusi. 1918an Lizarrako nagusi izendatu zuten, baina uko egin zion karguari prediku-apostolutzan jarduteko. Orduz geroztik eta 1936 arte ebanjelizazioan aritu zen Nafarroan eta Espainian barna misio herrikoiak sustatuz. Gerra Zibila hasita Zaragozara destinatu zuten eta, bertan, gailendu zen heriotzara kondenatuta zeudenen aitor-entzule gisa, kronika batean kontatu zuenaren arabera 300 errudun artatu zituen eta. Berriro Iruñean, 1942tik aurrera idazten eta pobreak artatzen aritu zen.
Arrebetan azkena, Emiliana Zubeldía Inda (Jaitz, 1888 - Hermosilla, 1987) piano-jotzailea, musikagilea eta irakaslea izan zen. Musika-ikasketak Iruñean hasi zituen haurra zenean eta 1904an Madrilgo Kontserbatorioan jarraitu zituen. 1919an Orreagan ezkondu zen Joaquín Fuentes Pascual ingeniari eta Nafarroako Nekazaritza Laborategi Pronbintzialeko zuzendari tuterarrarekin. 1920an Musikaren Iruñeko Udal Akademian sartu zen oposaketa bidez pianoko lehen laguntzaile gisa, baina 1922an Parisa bidaiatu zuen konposizio- eta piano-ikasketekin jarraitzeko. Iruñeko Akademian eszedentzia eskatu zuen eta 1924an luzapena amaitu zitzaionean behin betiko baja eskatu zuen. Ez zen inoiz bere ezkontza-egoitzara bueltatu. 1928an bira bat hasi zuen Hego-Amerikan barna eta 1930ean New Yorka joan zen bizitzera. Han Augusto Novaro bere maisua ezagutu zuen, eta 1937an harekin joan zen Mexiko Hirira. 1947an Hermosillon finkatu zuen bere bizitokia sortu berri zen Universidad de Sonora musika-eskola zuzentzeko; hala, are gehiago zabaldu zuen bere irakasle eta musikagile alderdia.
Funtsaren dokumentazio fotografikoa Néstor, Martín eta Emiliana Zubeldía anai-arrebak agertzen dituzten familiarteko argazki positiboek osatzen dute, baita familiaren egoitzara bidalitako hainbat posta-txartel zirkulatu ere.
Tratatzeko zain.